Historia

 

ETXALEKU
Imozko hiriburua betitik, herrietan handiena Oskotzekin batean. Bertan, ibarreko udaletxea dago, 1992an egina eta fatxada deigarria duena. Eliza zaharra, XIV. mendekoa, orain kanposantua dena, herritik gorago dago eta, oraindik ere, pareta zaharrak eta sarrerako ate gotikoa ia-ia osorik daude. Beherago, bi etxe, XV. mendeko zenbait ezaugarrirekin, ate arku zorrotzekin esate baterako. Hala ere, herriaren zati handiena errege bidearen ezker-eskuin antolatua dago, XVIII. mendeko etxe ederrez hornitua: Marimigelenea, Iturrikoa, Herrikoetxea, Zapatiñenea, Etxandia eta Dorrotoa. Dena dela, herriaren sarreran dagoena, Ernatonea, XVI. edo XVII. mendekoa da. Oraingo Eliza XIX. mendean egina da, 1872 eta 1876 artean. Eliza, handia, horrelako herri baterako, eta erabili zuten harri erdi-landua eta dorrea ikusgarriak dira. Erretaularen zati handiena XVII. mendearen hasierakoa da, eta 1878an gehiago zabaldu zuten. Aipagarria da, bestalde, San Pedro Ermita, zeinetan egiten zituzten beren batzarrak Basaburua, Gulibar eta Imozko Artziprestazgoko apezek. Gotiko estilokoa zen, eta orain orubea eta atea besterik ez dira gelditzen. Azken mendean, herria, batez ere, beheko aldean hazi da, Larrañeta dermioan. Etxalekuko mendietan, iparraldetik, aipagarriena Pagadiandieta da, Ihabengoarekin muga egiten duena, eta Lausti eta Aizkorre, Oskotz eta Gartzaronekin. Hegoaldean, Amezti, Mendikur eta Korosti.

 

OSKOTZ
Oskozko beheitiko partea errege bidean egituratua dago, eta han daude Juantxenea, Maritonea, Barrantxea, Herrikoetxea, Urtzutegia eta Etxeberria bezalako etxe ederrak. Beste zatia, maldan gora, Beuntzarako bidean, ezker-eskuin dago, eta bertan daude, besteak beste, Matxinea, Dindakoa, Zamargiñenezarra, Perutxenezarra, Eskaregia eta Perutxeneberria. Bideko hauetaz landa, aipagarriak, Zamargiñenea eta Barabarnea. Hauek eta beste batzuk ere ikusgarriak egiaz. Eliza herriaren gaineko aldean dago, denen gainetik, eta XIV. mendekoa da, gotikoa, nahiz zenbait zati XVIII. mendekoak ere badituen. Sarrerako atea alderdi honetan ikusi daitekeen hoberenetakoa da. Oskozko mendi ezagunenak, Markelburu, Eluso, Abrakoeta, Mugarriautsi eta Lezedena.Herri honetan dugu Nafarroako behi kooperatiba bakarrenetakoa, dagoeneko 40 urte baino gehiago dituena. 1.200 abelgorri eta 1.800 ardi bazkatzen dira Oskozko soroetan.

 

MUSKITZ
Muskitz Iruñetik hurbilena dagoen herria dugu ibar honetan. Eta bertan bazuten benta, orain Bentazarra deitua, XVIII. mendearen azkeneko urteetan eraikia, herritik oso hurbil eta Iruinbide bazterrean. Zenbait etxe eder ere baditu, esate baterako Alkatenea, Asiñenea, Itsasonea, Juankonea edo Santonea. Dorrea izena duena ere hor dugu, garai bateko dorre baten aztarnak agerian dituena. Herri honetako Eliza berria da; 1922. urtean zaharra bota, herritik kanpo zegoena, orain kanposantua den leku berberean, eta berria eraiki zuten herriaren erdian, apezetxe eta guzti. Eliz atarian daude garai batean herriko hiru dermiotan, errogatibak egiteko zeuden harrizko gurutze ikusgarriak. Labaderoa Elizaren ondo-ondoan da, XIX. mendekoa, eta aldamenean, harrizko iturri polit bat, Itur-otz/1959 idazkuna daramana. Mendietan, aipagarriena, Mendurro eta Arangaitz dira. Eta Iruinbidean, Beorburuko aldetik, San Bartolome ermita ederra, Gorostietakolepoan.

 

ZARRANTZ
Zarrantz dugu Ibarreko herririk txikiena orain, nahiz garai batean Urritzaren pare ibilitakoa den. Hemen erdi aroan bazen beste herri txiki bat, Ausano deitua eta, oraindik ere, hainbat aztarna, agerian daude. Herri hustu hau, Vianako Printzearena izana omen. Ondoren, Zarrantz, Zia eta Aginagako 11 auzorena izan zen. XX. mendearen erdialdera zatitu eta banatu zuten jabeen artean eta, mende bukaeran udalak, 11 zati horietatik 3 erosi zituen. Herri honen dermiotik pasatzen zen garai batean, Oskozko errotan hasirik, errege bideak zuen beste adar bat, Iruñera Aginagan barna pasatzen zena. Orain erdi galdua dago. Zarrantzen lau bezino ziren: Juantronea, Garaikoetxea, Luxenea eta Etxeberria. Etxeak XVIII. mendekoak dira, Luxenea ezik, hau XIX. mendekoa baita. Bestalde, herri honetako Eliza txikia, 1806an egina da aurretik zenaren zenbait pareta aprobetxatuz. Aldarea, XVII. mendekoa, barrokoa da. Mendi aipagarrienak: Zarranzmendi, Kapistar eta Ausano, azken hau, partikularrena.

 

ERASO
Erasok, Ibarraren erdian dagoen herritxoa, antzina inportantzia izan zuen. Bertan zen Erasoko jaunen jauregia, eta oraindik ere etxe batek izen hori gordetzen du, hau da, Jauregia, nahiz XIX. mendekoa den, aurrekoaren orubean egina. Herri askotan bezala, Dorrea deitzen dena ere bada hemen. Bestalde, etxeak handiak dira, eta batzuk ederrak ere bai, esate baterako, Berekoetxea, Txurdanea, Iriartea, Goikoetxea eta Mattikoneberria, gehientsuenak XVIII. mendekoak. Eliza protogotikoa edo gotiko aurrekoa da, XIII. mendekoa, nahiz oso aldatua ondotik egin diren obrekin. Erretaula, XVII. mendekoa da, Martin Elordik egina. Sakristia 1762-1767an egin zen eta eliz ataria, berriz, 1793-1798an. Joan den 25 urtean hemendik hasten da, urtero, Ibarrekoek egin ohi duen prozesioa Ergako Ermitara (Treintateko Ermita). Herri honek bere oihanik gehiena Erga aldera du, Malaun dermioan. Mendi gorena Artola dugu. Beste batzuk: Espilla, Korosti, Otsopasaje eta Añoa.

 

LATASA
Iruñetik Donostiarako garai bateko errege bideak aztarnak utzi ditu herri honetan: Hor ditugu, garai batean nolako inportantzia zuten erakusten duten etxeak: herriaren sarreran Juanesenea jauregia bezalakoa edo Portonea (Porteroarena) Mandategia eta Arotzenea, errege bide baterako beharrezkoak zirenak. Eta ostatuak izandakoak zer esanik ez, Ostazarrea, Ostatua (Apezenea berezko izena) eta Auzoetxea. Beste etxe batzuek ere hor diraute, adibidez, hauek: Matxikenea, Etxeberrigaraikoa eta Etxeberriazpikoa. Ondoren, 1792an errege bide berria egitean, herria bazterrean gelditu zen, eta bi benta eraiki ziren errepide ertzean, baina horietako bat desagertu egin zen autobia egin zenean. Eliza eta haren ate gotikoa ezin ditugu aipatu gabe utzi. Dorrea du aipagarrienetakoa; eta atea, gotikoa. Dorrea berritua du, 1776. urtean. Eta Erretaula XVI. mendekoa, Juan Landak egina. Herri honetako mendi aipagarrienak hauek ditugu: Mintegi Etxaleku aldetik, eta Artola, Irumarketa eta Mundumalkorra Irurtzun aldetik. Eta Arriketa, herritik hurbil.

 

URRITZA
Urritzako herri ondo-ondotik pasatzen zen garai bateko errege bidea, baina Latasako mugan izan zen indar handiko benta: Txurikain. Oraindik ere zutik dirau. Egiaz etxe ederra, elizatxo zoragarri bat aldamenean duena; eta Basaburuko erreka pasatzeko egin zen zubiak eta uraren hurbiltasunak ematen dion xarmarekin, Imozko txokorik politenetakoa dela esan genezake. Karretera egin baino 26 urte lehenago, herriko bezinoek herrian bertan egin zuten benta, Auzoetxea, baina bide berria egin zenean 1787an, erabat baztertua gelditu zen. Ondoren herriak beste benta bat eraiki zuen 1799an, orain Urritzako benta deitzen dena. Herrian lau etxe eder ditugu: Garaikoetxea, Mikelenea, Etxeberria eta Azpikoetxea, denak XVIII. mendekoak. Eliza herritik gorago zen, kasko batean, orain Elizakasko deitzen dutena, baina ez zela erosoa, ez herritarrentzat eta gutxiago bentakoentzat, eta 1961ean berri bat eraiki zuten, eskolekin batera, bentako auzoaren eta herriaren artean. Elizaren proiektua Fernando Nagore Alcazar arkitektoak egin zuen, eta garai hartako oso modernoa eta deigarria izan zen. Herri honetako mendiak: Oianzabal, Udabe aldetik; eta Eltzano, Goldaratz aldetik.

 

GOLDARATZ
Hemengo lehen etxea Zapatanea zen, bezindadea izan zuen etxea, geroago herriak erosi, eta herriko etxea eta ostatua izan zena. Ondoren, hor ditugu beste bezinoen etxeak hurrenkeran: Lopenea, Maiatzenea, Dindakoa, Gillenea, Juanea, Etxeberria eta Goikoetxea. Eliza, erromanikoa da, bailara honetan bakarra. Jakina, aldaketa franko izan du, batez ere ezkila dorrea, XVIII. mendean erori eta berria egin baitzuten. Erretaula barrokoa da. Herri hau oso gora egonik, iturri pobreak ditu, eta Labaderoa herritik puska bat beherago egin beharra izan zuten, Latasako bidean. Orain lauren bat urte, berri-aldi bat eman diote. Ibarreko mendirik gorenak herri honek ditu, Iruiondi eta Larrazpil, eta baita ibarreko punturik beherena ere, Kaxerna. Beste mendi bat aipagarria Ollondo, herri ondoan. Herri honetako mendia Aralarrekin loturik dago eta ibilbide ederra du Atan barna San Migela.